Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2015/05/14
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Errenteria

?

Erdi Aroa 

Erdi Aroko Errenteriaren ikuspegi idealizatua
Erdi Aroko Errenteriaren ikuspegi idealizatua
Errenteria, portu eta merkataritza-hiria

Goiz Erdi Aroan hutsune handi bat zabaldu zen. XII. mendean lehen foruak eman ziren arte, urriak dira lekuko idatzi eta arkeologikoak. Erregeek emandako foruak hiri-bizitza sortzea sustatzen zuten, biztanleei gobernu eta justizia tresnak eskaintzen baitzizkien. 1180an Donostiari eta 1203. urtean Hondarribiari Foruak eman ondoren, Oiartzungo haranak 1214ean izan zuen bere forua, Oiarsoko Kontzejua izena hartuz. Lau auzoz osatuta zegoen Oiarsoko Kontzejuan (Orereta, Elizalde, Altzibar eta Iturriotz) biztanleak antzinako zurezko baserrietan barreiaturik bizi ziren, nagusiki nekazaritza eta abeltzantzan jarduten zuten, haraneko hondoa laboratuz. Itsasoaren eta Pekin eta Oiartzun ibaien artean kokatzen zen Orereta auzoan merkataritza jarduera sortu zen.

Etxebizitzak barreiatuta egoteak ("euren etxeak urrun zeuden elkarrengandik eta familia bakar bat bizi zen hauetan (...) ondorioz ezin zioten elkarri lagundu eraso, injustizia edota lapurretaren bat gertatuz gero") inguruko jendearen lapurreta erraztu zuen. Hori dela eta, Kontzejuko biztanleek eskatuta Alfonso XI.ak antzinako Orereta auzoan Villanueva de Oiarso hiria sortzeko hiri-gutuna eman zuen 1310. urtean. Hiri berri horretako biztanleen merkataritza jarduerak Pasaiako portuko eskubideei buruzko auzi gogorra eragin zuen. Donostiak porturako sarrera zuen kontrolaturik San Pedroko aldetik. Auzi honek 500 bat urte iraun zuen eta batzuetan odoltsua gertatu zen, bertan Elizalde, Altzibar eta Iturriotzeko auzoek ere hartu zuten parte. Hauek ez zuten Orereta haraneko buru berria izatea onartzen eta Donostiarekin egin zuten ituna Oreretaren aurka.

Villanueva de Oiarsoren itsas merkataritza burdin jardueran oinarritzen zen bereziki. Itsasuntziak mineralez beterik heltzen ziren hiriko burdinoletan minerala burdina bihurtzeko. 1328. urtean Alfonso XI.ak Oiarso eta Irungo olagizonei "Burdinolen Forua" eman zien. Foru honi esker, olagizon hauek gobernuaren lurretan (amankomunak) zuhaitza mozteko edota euren irizpideei jarriki ibaietan presak eraikitzeko askatasun osoa zuten. 1476. urtean Errenteriak zenbait burdinola zituen: Suerrin, Gabiola -gaur egun Oiartzunen- Pontika eta Errenteriola, udal jabetzakoa eta gaur egungo Fanderian kokatzen zena.

Landa ingurunean, gainontzeko Euskal Herri Atlantiarrean bezalaxe, baserria ezaugarri duen nekazaritza sistema bat osatzen hasi zen. Oholez eginiko txabolak harlanduzko erikinez ordezkatzen dira, bertan, bertakoek batipat sagarrondo eta gariaren laborantzari ekin ziotelarik. Jakin badakigu mahatsa ere laboratzen zela, XIV. mendean Pasaiako portuaren inguruan gertatu ziren gatazkak zirela eta, berriek "kalte, galera, lapurreta eta mahasti, sagasti eta bestelako zuhaitzen mozketa" gertatu zirela ematen baitute aditzera.

Erdi Aroaren amaieran Errenteriako ingurune naturala oso gizatartuta zegoen. Udalerriko zonarik altuenak zenbait larrek eta, batipat, haritz eta pago basoek hartzen zuten. Baso hauetan hasiak ziren burdin industriara zuzenduriko egur-ikatza lortzeko zur erauzpenak. Kilo bat burdina lortzeko egur-ikatz bihurturiko 5 kilo egur behar ziren. Bitartean behealdean haltzadi zabalak desgertu ziren laborantzei lekua utziz. Antzinako baserriak baratza txikiak,zerealen laborantza, sagastiak, gaztainadiak, larreak eta abar lantzen hasi ziren. Bestetik Errenteriako Erdi Aroko gunea, bere portuari esker, itsas merkataritzan sendotu egin zen eta populazioak ikaragarrizko gorakada izan zuen, 1494an harresiak zabaltzeko baimena lortu zen horrez gero.

Villanueva de Oiarsok Elizalde, Altzibar eta Iturriotzeko auzoekin zituen etengabeko auziak ikusirik, Juan II.ak 1453an hiria zatitzea erabaki zuen. Honela Oiartzunek 1376. urteaz geroztik lortu nahi zuen udal autonomia lortu zuen. Errege Katolikoek zatiketa berretsi zuten 1491n harana hiru zatitan banatzea erabaki zutenean, hauetako bi Oiartzunentzat izango ziren, populazio handiagoa baitzuen, eta beste bat Errenteriarentzat. Dena den, arazoak ez ziren hala bukatu, hasiera batean amankomunatuak ziren larre eta basoen erabilerak joan den mendera arte gatazkak eragin zituen eta.

1491ko zatiketan Vilanueva de Oiarsok Errenteria izena hartu zuen, antzeko izenen ondorioz -Oiarso eta Villanueva de Oiarso- bi udalerrien arteko nahasketak saihesteko. Errenteria zegoeneko erabiltzen zuten izena zen, ofiziala ez baitzen ia erabiltzen. Orereta izenarekin zenbait urte lehenago gertatu zen bezalaxe. Izen berriaren jatorria itsas merkagaien udal eta errege-tributuen ordainketan datza, Errenteria errentak ordaintzeko lekua baitzen.
 


| Herriko plaza, 1 - 20100. Telefonoa: 943 449600, Faxa: 943 449650 | © Errenteriako Udala · Ayuntamiento de Errenteria