Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2008/03/04
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
    Laguntza

Erliebearen sorrera 

imagen_trasparente

imagen_trasparente

Aro Primarioko Debonikoan gaude, duela 380 milioi urte, gaur egun Gipuzkoa denaren ipar-mendebaldean. garai hartan zona hau itsasoak estaltzen zuen, tsas bero sakontasun txikikoak. Egungo kontinenteak Pangea izeneko superkontinente handi batetik eratorri dira inoiz gelditu ez den haustura eta noragabe motel baten ondorioz. Itsaso horretan, gaur egun Bortzirietako Mendigune izenekoaren arbel matamorfikoak osatzen dituzten jalkinak pilatzen hasi ziren. Aipatutako area hau duela 280 milioi urte, Karboniferoaren amaieran, hasi zen itsasotik azaleratzen.

Errenteriako mendiak

Errenteriako mendiak

Duela 220 milioi urte hasi zen Sekundarioan edo Mesozoikoan, Primarioko material paleozoikoen higadura handi bat gertatu zen. Klima idorra zen eta euri-jasa handiak izaten ziren. Horrela, material hauek leku batetik bestera eraman eta borobiltzen zituzten ibaiak sortu ziren, duela 200 milioi urteko Triasikoan kostaldean pilatu ziren harribilak ekarriz. Harribil hauek silizezko zementu batez inguratu ziren eta konglomeratuak sortu zituzten. Higadurak erliebea berdindu ahala, ibaiek materialak garraiatzeko ahalmena galdu zuten eta tamaina txikiagoko harribilak pilatu zituzten, ondoren harea eta azkenik buztina.

Triasikoan, eta Jurasikoaren hasieran duela 180 milioi urte, kontinente-masa hondoratu egin zen eta itsasoak gure lurra estali egin zuen berriz ere, egungo ozeano atlantiarra osatzen hasi zelarik. Klima beroko eta mugimendu tektoniko gutxiko garai honetan kararrizko eta tuparrizko jalkinak pilatu ziren.

Kretazikoan, orain dela 130 milioi urte, itsas-hondoa hegoaldean kokatutako kontinentearen bazter batetik etorritako buztinak eta hondarrak jasotzen hasi zen. Kararriak eta tuparriak pilatu egiten ziren oraindik ere baina bai eta konglomeratuak, hare-harriak eta limoak ere. Duela 70 milioi urte, Goi-kretazikoan, jalkin hauek tuparri, kararri eta hareharrizko estratuen alternantzia bat osatu zuten, Flysch izenekoa eratzen duena hain zuzen ere.

Mesozoikoan eskualdea estali zuen itsaso honetan organismo anitz bizi izan ziren: brankiopodoak, hala nola Rhynchonelak eta Terebratulak; moluskuak, hala nola Pectenak, Ammoniteak eta Belemniteak; ekinodermo krinoideoak eta ekinidoak hala nola Cidariak eta Micrasterrak; arrainak, hala nola Lepidoteak eta Selaceoak, etab.

Orain dela 60 milioi urte Tertziarioa edo Zenozoikoa hasi zen, bizidunengan aldaketa handi bat gertatu zelarik. Mesozoikoko itsas organismoetariko askoren ordez beste batzuk sortu ziren (dinosaurio ospetsuak ez ziren iraungitako bakarrak izan). Bi aldi hauen artean, itsas-hondoan kararriak eta tuparrizko kararriak pilatzen hasi ziren, eta aurrerago hareharriak, Flyschari gaineratu zitzaizkionak. Duela 40 milioi urte itsas-hondo honek plaka iberiar eta europarraren kolisio eta soldaketaren ondorioak jasan zituen, orogenia berri bat sortzen hasi zelarik, orogenia alpetarra hain zuzen ere. Hondo hauek, aipatu ditugun aurreko jalkin guztiekin batera, tolestatua eta puskatu egin ziren eta, itsasoaren gainetik azaleratzean, Gipuzkoako ipar-mendebaldeko mendiak sortzen hasi ziren.

Itsasoa gaur egungo kostaldea baino urrutiago geratu zen eta jalkin hauek higatzen hasi ziren. Ibaiak azaldu ziren, materialik biguinenen gainean edo ubidea trazatzeko haustura zonak aprobetxatuz haranak sortu zituztenak (Oiartzun ibaia adibidez). Era berean, itsasoak kostaldea higatu eta honek atzera egin zuen. Duela 3 milioi urte inguru, Tertziarioaren amaieran, eta 35 milioi urtetik gorako higaduraren ondoren, egungo erliebea ia definiturik geratu zen.

Añarbetik kostaldera abiatzen bagara, adierazi ditugun jalkin eta arkaitz guztiak aurkituko ditugu bidean. Lehenik paleozoikoko materialak aurkituko ditugu Añarbe, Malbazar, Aldura eta Zarian. Igoin eta Urdaburuko goiko zonetan Triasikoko hareharri eta konglomeratuak aurkituko ditugu. Landarbason berriz, Jurasikoko materialak daude azaleratuta Kretazikoko kararriekin batera. Listorretatik Errenteriaraino Kretazikoaren amaierako material biguinagoak ikusiko ditugu. Ezkerrean, Txoritokieta eta San Markosen diapiroen hainbat glaziazioren ondorioz kostara iritsi baino lehen Jaizkibel mendia dugu, Tertziario hasierako hareharrizkoa.



| Herriko plaza, s/n - 20100. Telefonoa: 943 449600, Faxa: 943 449650 | © 2007 Errenteriako Udala · Ayuntamiento de Errenteria